
Iraitz Etxeberriak zortzi hilabeteren buruan, inork gutxik egindakoa egitea lortu du: Gipuzkoako, Nafarroako, Euskadiko eta Espainiako txapelduna da skeet tiroan.
Katua prestatu, eta pun!
lorea muguruza
Skeet tiroan ez da katua neurtu behar soilik, teknika egokia behar da airean agertzen diren platerei tiro egin eta haiek lehertzeko. Iraitz Etxeberria lezoarrak teknika ezinhobea du: aurten mailarik xehenetik gorenerako bidea egin du skeet tiroan: maiatzaren 18an Gipuzkoako eta Euskadiko txapelduna izatea lortu zuen; abuztuaren 2an, berriz, Nafarroakoa, eta irailaren 14an, Santakrutz egunean, Espainiako Junior Mailako txapelduna izatea lortu zuen.
«Bizikletan nenbilela erori eta hanka puskatu nuen. Orduan, aita San Martzialen aritzen zen hobi- olinpiarrean, eta harekin joaten nintzen denbora pasatzera. Hala ere, aitak egiten zuena ez zitzaidan gustatzen. Baina, Kako ikusi nuen skeet tiroa egiten, eta hura bai gustatu zitzaidala», azaldu du Iraitz Etxeberriak. Kako Aranburu Etxeberriaren entrenatzailea da egun, eta esker oneko hitzak besterik ez ditu kirolari gazteak harentzat.
«Teknika, oso garrantzitsua»
Skeet tiroak plater tiraketaren antza du, baina kirol olinpiarra da. Etxola batzuk izaten dira eta haietatik platerak botatzen dituzte, baina tiratzaileak ez du jakiten zein etxolatatik aterako den. «Ez da pultsu ona eduki behar, kontzentrazioa baizik», zehaztu du Iraitz Etxeberriak. Izan ere, teknika oso garrantzitsua baita skeet tiroan: «Tiratzaileak kontuan hartu behar du platera atera eta zenbat aurreratu behar zaion, gero tiroa bota eta hura lehertzeko».
Zortzi hilabeteren buruan lortu du Etxeberriak Gipuzkoako, Nafarroako, Euskadiko eta Espainiako txapeldun izatea. Horren azkar gora igo izanak ez dio eragin mutilari, eta ongi baino hobeto daki, berezko sena duen arren, entrenatzen gogor jarraitu behar duela.
«Skeet tirotik ezin da bizi, tiroa orokorrean gaizki ikusia dagoelako, beste hainbat arrazoiren artean», azaldu du gazteak.
Argi du lezoarrak aurrera begira kiroletik bakarrik ezin dela bizi, bere aita Juan Mari hobi-olinpiarrean lehiatzen aritu baita urte askotan: Espainiako txapelduna bost aldiz izan den arren, hark ere lan egin behar du egunero aurrera atera ahal izateko: «Batzuk aukera badute skeet tirotik bizitzeko, baina oso gutxik. Adibidez, Iraitzen entrenatzaileak, Kakok, lortu du. Baina oso zaila da».
«Oso zentzuduna da»
Juan Marik harro hitz egiten du Iraitz semeaz, baina oinak lurrean izan ditzan ere saiatzen da: «Skeet tiroan gauza asko eduki behar dira kontuan eta heldutasuna behar da horretarako; izan ere, saio bakoitzean eskopeta-kartutxo bakarra erabil dezakezu, eta alferrik botaz gero azkena izan zaitezke. Iraitz oso zentzuduna da eta horregatik egin du gora denbora gutxian».
Estatu mailan oso jende gutxi aritzen dela skeet tiroan adierazi du Juan Marik, «oso zaila» delako: «Skeet tiroan gaztetatik hasten dira, baina jendea azkar nekatzen da, pazientzia handia behar delako eta tiro jakinak botatzen direlako. Horregatik, jendeak azkar jotzen du beste kirol olinpiarretara».
Entrenamenduak eta denboraldi bukaera
Irailean bukatu da skeet tiroko sasoia eta gustura bukatu du Iraitz Etxeberriak. San Martzialeko tiro eremua ere jada itxi dute, baina entrenamendu gogorrren unea datorrela aurreikusten du: «Denboraldian zehar San Martzialera igotzeaz gain, teknika hobetzen aritzen naiz. Tekniketako bat da eskopeta aurpegian sartzen ikastea, tiroa botatzeko azkar prestatzeko».
Horrez gain, Kako Aranburu entrenatzaileak platerari non itxaron eta tiroa nola eman erakusten dio, besteak beste.
Hemendik gutxira Espainiako selekzioarekin entrenatzera joan beharko du Etxeberriak, eta Europako lehiei gogoz begira dago.
ekitaldiak
Liburu eta disko azoka
Lezo, Euskara eta Kultura Aretoan - 2008-12-02
jaiak
Dantzaldia eta txokolate jatea
Lezo, Euskal Herria plazan (eguraldi txarra eginez gero, Bekoerrota kiroldegian) - 2008-12-05
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.