
Mendiko bizikletak eta krisia
Iritzia
Joseba Etxegoien
Lezo
Partaidetza aldetik ez zuen inolako krisi itxurarik joan den igandeko Lezoko Mountain Bike probak. Hirurehun eta berrogeita hamarretik gora izan omen ziren Jaizkibelgo aldapei aurre egiten ausartu zirenak. Ederra marka.
Bizikletei begiratuta ere ez nuen krisiaren zantzurik sumatu, baina jakina, ekonomiaren motelaldia baino lehenagokoak izan zitezkeen gehienak. Ikusi nituen mendiko motoak ere. Eta behingoagatik, ez zidan hainbesteko trabarik egin mendian topatzeak. Ibilbidean zehar jarritako plastiko zatiak biltzeko balio izan zuten behintzat. Moto ederrak, kasko eta larruzko jantziz hornituak. Eskasiarik ez.
Guadalupen jarritako anoa postua ikusterik ez nuen izan, baina lasterketa amaitutakoan plazan jarrita zegoen txosna ikusita (eta pintxoren bat edo beste dastatuta), hangoa ere oparoa izango zela pentsatzen dut. Eskaintza goxoa.
Peto hori eta banderatxoa eskuetan edota lasterketako kamiseta soinean genbiltzanoi begira, ordea bai, krisiak jo gaituela sumatu nuen. Alegia, lasterketaren antolaketan lagundu genuen boluntariook islatzen genuela egun bizi dugun krisia.
Estualdiak behartuta edo, igande goizean goiz lan egiteko prest agertu ginen, egun horretako lanak diru-saria zuelako. Beti da errazagoa saria duen lan bat egitea, are gehiago sari hori eurotan konta daitekeenean.
Horra hor krisia. Baina ez etxebizitza, erregai edo bizi-kalitatearena, euskaldunok hain harro aipatu ohi dugun auzolanarena baizik. Auzolana baino gehiago, lana auzoan.
Gero eta zailagoa da laguntzeko prest dagoen jendea topatzea. Zer esanik ez asteburuetan. Lana hitzak astelehen goizetik ostiral eguerdira arte balio du. Nork bere lana. Besteetarako oso lanpetuta ibili ohi gara, jakina. Eta asteburuetan, plazerra. Nork bere denbora bere gauzak egiteko. Beste guztia marroi bat da.
Dena den, bada aldagai berezi bat, diruaz gain, boluntario kopuruan eragin positiboa duena: telebista edo argazki kamerak agertzea. Batez ere, telebista kamerak daudenean. Telebista kameren presentzia eta lanerako prest dagoen jende kopurua zuzenki proportzionalak dira.
Hortaz, irtenbidea ere nahiko erraza izan daiteke: dirurik ez dagoenetan, telebistako kamerei eta argazkilariei deitu. Baina dirutan ordain baldin badaiteke, askoz hobe. Badaezpada diot.
ekitaldiak
Liburu eta disko azoka
Lezo, Euskara eta Kultura Aretoan - 2008-12-02
jaiak
Dantzaldia eta txokolate jatea
Lezo, Euskal Herria plazan (eguraldi txarra eginez gero, Bekoerrota kiroldegian) - 2008-12-05
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.