
2008-10-02 | 10:11:12
Udala
Trafiko araudia behin betiko onartu du udalbatzarrak, eztabaida artean
Hainbat zerga %4,9 igotzea onartu zuten, EAJren kontrako botoarekin, eta PSE-EEren abstentzioarekin
Trafiko araudia behin betiko onartu du udalbatzarrak, baina EAJ eta PSE-EEren kontrako botoarekin. Atzo egindako udalbatzan eztabaida handia sortu zuen gaiak. Araudiari EAJk egindako alegazioak ez zirela «modu egokian» erantzun adierazi zuen Kepa Garbizuk alderdiaren izenean: «Udaltzainak eman zizkidan erantzunak eta Ogasun Batzordean eztabaidatu zen araudia. Udaltzaina ez da erantzun behar didan teknikoa. Horrez gain, araudiak ziurtasun juridiko bat behar du aurrera egiteko , bestela ez du ezertarako balio».
Jon Legorburu Obra eta Kultura zinegotziak, ordea, azaldu zuen herriak trafiko ordenantza bat behar duela, bestela udaltzainek ezin dutela inolako neurririk hartu trafiko arazoren bat denean: «Aurretik Ertzaintzaren esku zegoen trafikoa, baina esan ziguten Udalak bat egin behar duela berak kudeatzeko. Beraz, Lezok ordenantza bat behar du. Araudi honek hutsunerik izan dezake, baina oposizioa ere gonbidatzen dut ordenantza egiteko mahaian eser dadin. Guretzako garrantzitsuena lanean hastea da, eta hutsuneak baditu denon artean hobetu dezakegu».
Horrez gain, Legorburuk adierazi zuen araudia Ogasun Batzordean aurkeztu izana, isunak eta diru kontuak agertzen zirelako egin zutela.
Zenbait zergetan aldaketak
Silvia Folgueira Ogasun zinegotziak, berriz, udal zerga batzuetan aldaketak egitea proposatu zuen. Hala nola, trakzio mekanikoko ibilgailuen zergan abuztuko %4,9ko KPIa igotzea: «Dena den, zilindrada gutxiko motorrei eta traktoreei zerga jaitsi egin diegu. Horrela gutxiago kutsatzen duen ibilgailuak hartzera animatzen ditugu herritarrak eta baserritarrei beren lana erraztu».
Alderdi jeltzalearen izenean Garbizuk ibilgailuen zergaren igoeraren kontra egin zuen: «Lezoko traktoreek inguruko herriek baino garestiago izan dute zerga, eta orain KPIa berdin igoko behar zaie. Ez da bidezkoa.
Zergen gaiarekin jarraituz, kirol arloan egindako zergen azterketetan zenbait akats zeudela zehaztu zuen Garbizuk.
Hala eta guztiz ere, EAJren ezezko botoarekin eta PSE-EEren abstentzioarekin onartu zuten zergen aldaketa.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.