
2008-09-18 | 12:33:30
Politika
«Aukera politikoen aniztasuna» errespetatzeko eskatu du Udalak
Atzo EAE-ANV alderdiaren ilegalizazioa salatzeko egindako plenoan ez zen oposizioko kiderik agertu
«Beste behin ere Euskal Herriaren aurkako eraso baten aurrean gaude», hitz horiekin hasi zuten zinegotzi independentistek atzoko presazko eta ezohiko udalbatzarra, Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV alderdia legez kanpo utzi duela salatzeko. Udalbatzarrera hainbat herritar gerturatu ziren zortzi zinegotzi independentistei elkartasuna adieraztera, oposizioko alderdiak, ordea, ez ziren joan. Ondoren manifestazioa egin zuten ’Salbuespen egoerari stop, Euskal Herriak autodeterminazioa’ lelopean.
«Auzitegi Goreneko 61. Salak 24 ordu nahikoak izan ditu 78 urte dituen alderdi politiko bat legez kanpo uzteko. Horrek garbi erakusten du erabakia politikoa dela eta aldez aurretik hartutakoa», adierazi zuten zinegotziek. Hein berean, alderdi politikoa legez kanpo uzteaz gain, Auzitegi Gorenaren erabakiak «proiektu politiko bat uzten» duela legez kanpo gaineratu zuten: «PSOEk kosta ahala kosta ezkerreko proiektu independentista ezabatu nahi du». Ildo beretik jarraikiz, nabarmendu zuten «ez Euskal Herriari, ez euskal herritarrei» ez zaiela erabakitzeko eskubidea onartzen, «herria salbuespen egoera larrian »aurkituz.
Hamar konpromiso mahai gainean
Auzitegi Gorenak hartutako erabakiaren testuinguruaren irakurketa egin ondoren, hamar konpromiso hartu zituzten zinegotzi independentistek: «Udal honek indar politiko guztiek Euskal Herriko bizitza politiko, sozial eta kulturalean berdintasun baldintzetan parte hartzeko eskubidea eta beharra dutela azaldu nahi du». Horrez gain, «aukera politikoen aniztasuna errespetatu behar» dela azpimarratu zuten eta alderdi politikoak legez kanpo uzteko «estrategia antzuak eta antidemokratikoak» salatu.
Hein berean, «ilegalizazio estrategia Euskal Herriaren eskubideen aurkako eraso bortitza» dela eta «herri-proiektua indargabetzeko» helburua duela esan zuten. «Udal orok herritarren borondatea behar du oinarri, hortaz, herritarren borondatearen aurka egiten duten lege, epai edo erabakiei ez die inolako zilegitasunik aitortzen», gaineratu zuten zinegotziek.
«Erabakitzeko eskubidea»
Udalak herritarren borondatean oinarritzen direla esateaz gain, EAE-ANVko zinegotziak eta EHAK-ko parlamentariak eragile eta mintzakide politiko gisa onartzen dituztela esan zuten, baita bi alderdien parte-hartze politikoa ziurtatzeko konpromisoa agertu ere. «Benetako aldaketa politikoa, autoeterminazio eta lurraldetasun eskubideetan oinarrituko den aldaketa gauza dadin» Udala ekarpenak egiteko prest dagoela adieraztearekin batera, «alderdi interesen gainetik» Euskal Herriaren «etorkizunaz erabakitzeko eskubidea ahalbideratuko duen marko demokratikoaren alde lan egiteko» borondatea dutela esan zuten.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Oiartzualdeko Hedabideak S.L. - Santa Klara 22, 20100 - ERRENTERIA-ORERETA - Tel.: 943 340 330
Faxa: 943 341 102 - E-posta: oarsoaldea@oarsoaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Oiartzualdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Orratx! Kultur Elkartea, Abaraska Euskara Elkartea,
Lau Haizetara Euskaldunon Elkartea,
Arnasa Euskara Elkartea, Hitz Hots elkartea.
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Oarsoaldeko Berri Kultur Elkartea: 53 gizarte eragile.