Herrira Eguna egingo dute bihar Lezon. Jaia eta aldarrikapena uztartuko duen ekimenaren bidez, “euskal preso eta iheslari politikoen gaia sozializatzea” dute helburu herri bilguneko kideek: “Herri bilgune ezberdinak sortzen hasi zirenean, hausnarketa egin genuen herrian. Ondorioa, errepresaliatu politikoen gaia kalera atera, eta herria astindu beharra dagoela izan zen. Jai giroan egitea errazagoa iruditu zitzaigun. Biharkoak, herritarrak zer aportatzeko prest dauden ikusteko aukera emango digu, gainera”.
Egunaren bidez, euskal preso eta iheslariek bizi duten “mendeku” egoera salatzea ere bilatzen du Lezoko Herrirak, “helmuga baino, abiapuntua izango den ekimena izango da”.
Uda partean erabaki zuten Herrira Eguna antolatzea, eta hasieran, ekimen “xumea” izan behar zuena, ekitaldi zabala bilakatu dela azaldu du Xabier Garmendia bilguneko partaideak: “Egunaren sorrera proposamen batetik atera zen, eta hasierako hari, bestelako osagaiak eransten joan zaizkio pixkanaka-pixkanaka, egun osoko egitarau zabala eta parte hartzailea bihurtu den arte”.
Antolatutakoen artean, Agurra erraldoia prestatu dute biharko ekitaldi nagusiaren barruan, herriko plazan. Beste ekimenetan bezala, horretan ere herriak erantzutea dute helburu bilgunekoek. Deiene Ziganda Lezoko Herrirako kideak esan duenez, “lezoarrek parte hartzea bilatzen dugu, eta horregatik txertatu dugu jendeari parte hartzeko aukera emango dion ekimena. Ez dugu nahi guk antolatu eta jendeak soilik ikustea. Dantzak Lezon beti arrakasta izan du, gainera”. Horren harira, dantza gustuko duen oro deitu du herri bilguneak, 13:00etan, Gurutze Santuaren plazan azaltzera, “ez da ezer berezirik behar, kalez jantzita dantzatuko dugu eta”.
Sakabanaketaren zama
Bi euskal preso daude egun lezon, Xabier Alegria eta Jose Lorenzo Aiestaran. Lehena, Cadizeko Puerto III espetxean (Andaluzia, Espainia) dago eta bigarrena Nanterren (Frantzia), Euskal Herritik 1.132 eta 911 kilometrora, hurrenez hurren. Garmendiak eta Zigandak sakabaneta nabarmendu dute, “hori delako gure herriko presoak gehien kolpatzen dituena”.
Jose Lorenzo Aiestaran Fanekas 30 urte ihesean izan dela jakinarazi du Garmendiak: “Zigor isilaren eta amaigabearen beste aurpegi hori ezagutzea ere tokatu zaio”.
Horrekin batera, euskal presoei ezarritako “salbuespen neurriak” gogora ekarri dituzte, eta haiekin bukatzeko galdegin dute: “Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten hamahiru preso daude; 65 presori bizi osorako kartzela zigorra ezarri diete; zigorren hiru laurdenak eta bi herenak beteta dituztenak ehundik gora dira; sistematikoki bakartzen dituzte, baita isolatu ere”.
Atxikimenduak biltzeko lana
Aurtengoa, herri bilgunea ezagutarazteko baliatuko dutela esan badute ere, herriko eragileen atxikimenduak biltzeko lanean ari dira: “Dokumentua atera dugu, eta orain banatzen eta zabaltzen ari gara, Lezoko eragileen artean atxikimendua jaso asmoz. Ondoren, norbanakoengana eta saltokietara joko dugu, helburu berarekin”.
Herritarrei zer eskatzen dieten galdetuta, norberak egin beharreko hausnarketa dela argi dute bilguneko kideek, “hala ere, etxean ez gelditzeko, ez asimilatzeko, dena datorren bezala ez irensteko eskatu nahi diegu herritarrei. Hortik aurrera, dena ongietorria izango da”.
Garai berriak ere ekarri ditu gogora Garmendiak: “Herriraren sorreran garai berriak bizi ditugula esan dugu eta egia da. Preso eta iheslarien gaiari konponbidea eman behar diogu. Ez dago aitzakiarik, hitza hartu eta mugitu egin behar dugu egoera honekin bukatzeko”. Horren harira, herri osoaren “babesa” eskatu dute, “mendeku politikarekin ahalik eta azkarren bukatzeko. Babes hori bihar emateko aukera dute herritarrek, 13:00etan, Gurutze Santuaren plazan azalduta, eta egun osoan antolatutako ekimenetan parte hartuta”.
Gaur, hilabetekoazken ostirala
Urriko azken ostiraleko elkarretaratzeak egingo ditu gaur Herrirak. Hendaian, 19:00etan bilduko dira Pausuko biribilgunean. Irunen, gaur, 20:00etan egingo dute elkarretaratzea Zabaltza plazan, eta bihar, 12:30ean, Moskun. Hondarribian, berriz, 20:00etan egingo dute mobilizazioa San Pedro kalean; ondoren Olagarron afaria egingo dute. Errenteria-Oreretan 20:00etan bilduko dira Herriko Enparantzan; Oiartzunen, ordu berean, Doneztebe plazan, eta Lezon, 20:00etan ere, Gurutze Santuaren plazan. Donibanekoa Meipin egingo dute, 19:30ean, eta Antxokoa, 20:00etan, Gure Zumardian. Antxoko Herrirak astelehenean batzarra egingo du, 19:30ean Kexaldin, azaroaren 17ko bilgunea prestatzeko.









