Gutuna: Dena jakin dezaten

2012/02/24
Nork

Harrigarria da ikustea batzuk lanerako agertzen duten gogo falta, eta, aldiz, errealitatea manipulatzeko eta egiak erdizka kontatzeko egiten duten ahalegina. Guk ez dugu lan dinamika hori atsegin eta ez dugu bide horretatik jarraituko, Lezoko EAJri eraikitzailea eta egokia iruditzen bazaio jarrai dezatela horrela.
Xehetasun gehiagorekin jarraitu aurretik komenigarria litzake memoria pixka bat egitea zehaztasun eta ezagutza gehiagorekin hitz egiten jarraitzeko:
Bat: Lezon inoiz politiko batek izan duen soldatarik altuena EAJko zinegotzi batena izan da. Guk aurreko lanetan genuen soldata bera mantendu dugu.
Bi: EAJk, ezker abertzalearen ilegalizazioa aprobetxatuz, 2003-2007 legegintzaldian bere bi liberatuei jarri zien soldatari soilik KPIak izan duen igoera aplikatuko bagenio ondorengo emaitza emango luke: EAJko bi zinegotzi horiek 114.433,26 euro kobratuko lituzkete gaur egun, eta, aldiz,  Bilduko hiru zinegotzien guztirakoa 117.433,26 euro da.
Diferentzia argia da, eta ez du komentario gehiagoren beharrik.
Ez gara zuen kudeaketaren eraginkortasuna aztertzen hasiko, nahiz eta askok oraindik gogoan duten zuen legegintzaldian hornitzaileek kobratzeko izan zituzten arazoak, herriko hainbat kultur eta kirol elkarteri ordainketa egiteko garaian etengabeko atzerapenak … eta guzti hori oraindik krisia hasi gabe zegoelarik.
Lezoko Bildutik herritarren ongizaterako lan egin nahi dugu. Zoritxarrez ez dago gure esku ekonomia suspertzea, ezta langabezian daudenen egoera ekonomikoa hobetzea ere, baina bai Lezorako garapen iraunkor eta kultural baten alde lan egitea herritarren bizitza kalitatea hobetzeko, gizarte politikak sustatzea behar gehien dutenei laguntzeko… eta horretan ari gara. Gure apustua benetakoa da, eta oker egon bagaitezke ere, erabiltzen ditugun baliabideak eta dedikazioak egokiak direla uste dugu. Udal langileen maila berean gaude, beraz, langile guztientzat hartzen diren neurrien barruan joango dira gure lan baldintzak ere.
Denok pairatzen ditugu garai gogor hauen ondorioak, baita udalean ere, baina urtez urte udal langileen soldatak igo egin dira eta 2012rako dauden horretan geratzea proposatu dugu.
Hauteskunde kanpainan azaldu genuen bezala kolore berriz margotzen jarraitu nahi dugu herria, eta erabiliko  ditugun koloreak herritarren parte hartzeak, herriko eragile eta elkarteek, komunikazioak, euskarak, ongizateak, berdintasunak, aniztasunak eta gardentasunak osatuko dute.
Aldaketa guztiek sor dezakete zalantza eta kezka. eta ulertzen dugu denen gustuko ez izatea. Denok dugu adierazpen askatasunerako eta kritikarako eskubidea, baina gezurrak eta informazio manipulatuak ez ditugu onartzen.
Kritikak ez gaitu mintzen, alderantziz, kritika eta proposamen eraikitzaileak jaso nahi ditugu denon artean Lezo hobeago bat eraikitzen jarrai dezagun.
Mikel Arruti. Lezoko Udaleko
Bilduko zinegotzien izenean.

Etiketak: , ,

Gaurko eskaintza
argazkia
Up Digital
339,00 €
Goierriko Zerbitzuak

Zer aurkitu nahi duzu?